Feeds:
Bidalketak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘surplus’

hirugarren arauaz

Hemen pixkat aipatzen nuen Toby Hemenway-en artikulu batera itzultzen naiz. Hortan permakulturaren hirugarren arau etikoa (gaineratikoei buruzkoa) lehengo biak (“lurra zaindu” eta “jendeak zaindu”) baino era nahiko korapilatsuago batean errana dela, eta horrek gaineratikoen arazoaz permakulturazaleen aise eskasa adierazten duela oroitarazten ditu.

Bertze artikulu batean, gaineratikoen arazoa urritasun sentipenari lotzen du. Halere urritasun sentipen hori argitzeko denboraren ikusmoldeaz erraten duena, zizklo- edo lerro formazkoa, ez zait oso sinesgarri iduri. Kultura gehienetan bi ikusmoldeak direla iduritzen zait, bata zikliko edo aurreikusgarri dena (egun/gau, ilargialdiak, ondoz ondoko urtaroak) adierazteko, bertzea lerro-formakoa edo berezia (hazi eta zahartzea, ondoz ondoko urteen arteko ezberdintasunak).
Izatezko larritasuna, “jainkotiarrarekiko lotura”, eta Jainkoei edo apezei gaineratikoen ematearen artean egiten dituen loturak nahiko korapilatsu iruditzen zaizkit ere.

Urritasun sentipena, mail haundi batean, gure bizi baldintzen funtsatzeko erabiltzen ditugun aukeren aniztasunaren menpe iduritzen zait. Gure bizi baldintzak gauza gutitan oinarritzen badire, urritasuna somatuko dugu gauza horietarik bat noizbait eskas egonen denean. Alderantziz, gure bizi baldintzak aniztasun nahikotan oinarrituz, noizbait osaki baten eskasa errexki ordainduko du(te) bertze osaki batek edo batzuk.
Bi muturreko adibideak hartzeko, lur eremu batean oloa bakarrik hazten bada, gosetian izateko zori nahiko haundia izanen dugu (uzta txarra izatekotan) edo gaineratiko kopuru haundi bat (uzta ona izatekotan). Bertzalde, eremu berean oihan-laborantza gaztaindi batean eginez, eta horrez gain baratze biointensiba, oilozaintza estensiba eta putzutan arrain haztea, oroaren ekoizpena ez da hainbertze aldatuko kopurutan, osaki ezberdinen aldaketak elkar ordaintzen ahalko baitire ; zorte oso txarra egon beharko zen osaki bakoitzarentzat urte txarra izateko, era berean ez liteke ohizkoa urte oso on bat osaki guzientzat. Horrez gain, aniztasuna bera egonkortasun faktore bat da, gora-behera horiek leunduko dituena.
Orduan urritasun sentipena eta gaineratikoak gordetzeko beharra, baratze sistemei baino gehiago laborantza sistemei lotuak dire, azken horiek haien aniztasun murriztuarengatik ekoizpen “kopuru anomaliak” maizagotan jasotzen dituztela eta.
Laborantzak elitearen eskuetan poterearen biltzerat eramaten du beti. Laborantzaren bihotzean dagoen gaineratiko gordegarri haundien ondorio saihestezina da. Bertzaldetik kultura berri baten sortzeko beharra izaten ahalko ginuke, hontan gaineratikoa, baita hori nahigarri egiten duten beldurra eta gutizia, ez legokete gure ohituren egiturezko emaitza erraten digu Hemenway-ek

Jendarteko hartu-emanetan beldurra eta gutiziaren eragina murrizteari dagokionez, gizarte ezberdinetan Marcel Mauss-ek ematearen inguruan egin zituen behaketa interesgarri batzuk aipatzen ditu. Horietan, emateek sorturiko pertsonen arteko loturak, emandako gauzak baino garrantzitsuagoak dire. Kasu batzutan ere nork nori zenbat eman zion jakitea ezinezkoa izateko trikimailuak daude, preseski kontatze zehatz batengatik emateen jarioa murriztua ez izateko. Deun lagunak aipatzen dituen emate kiribiletan bezala.
Emate-kiribil horiek ohizkoak dire, berehalako erabiltzezko gauzak (janari, tresna, oinarrizko laguntzak) ekoizten diren elkarte ttikitan, nun ere elkar laguntza ta fidantzia aski barneratuak diren harremanak formalizatu beharrik ez izateko.
Bertzela izaten da lurretik kanpoko bizimodu batean, hortan gure zereginak gainespezializatuak baitire eta gutitan berehalako erabiltzezko gauzak ekoizten baitituzte, eta jendarteko loturak nahiko hotz eta gogortuak bihurtu baitire. lerro-lerro bagoaz, anaitasunari oraindik beldurra dion desfilean, bulego, biltegi, pabilioi, idazkaritza, ikasgela, denda gainontzeko eremu hesituetara gure hatsa, eta izerdiz, eta keinuz, eta begiradez, eta zitaltasunez, eta goxotasunez ere tarteka, eta ezjakintasunez uneoro zein ezinegonez, eta inertzi amankomun nekagarri nardagarriaz gure mugimenduak elbarritzera, prostituzioari maitasunari baino zilegitasun gehiago emanaz konbentzioei ausardiari baino legeei zuzenbideari baino
Jendarteko loturen gogortasunak, lurretik kanpoko bizimodu batean, ezjabetasun sentipena sendotzen baitu ere. Von Foersterek zion bezala, gizakien arteko loturak hainbat eta gogorragoak izanez, oroaren joera, osatzen duten gizakiei gero eta menperatu ezin duten dinamika berezi batekoa ageriko zaie.
Permakulturaren garapenak gaineratikoen mugitze informalarekin bat egin behar du, informaltasun hori giza-eskalako hartu-emanetan baizik izaten ezin dela.

Hemen gelditzen naiz (oraingoz) hiru arau horiek pixkat aldatuz :
1. Gure ingurua eta bere aniztasuna zaindu
2. Jendeak zaindu, norberetik hasiz
3. Gaineratikoak mugitzen ahal diren loturak sortu

À propos du troisième principe (gehiago…)

Advertisements

Read Full Post »